jueves, 21 de marzo de 2013

Bigarren Mundu Gerra

 AURKIBIDEA

  1. KAUSAK EDO ARRAZOIAK
    1. Urrutirako kausak
    2. Bertako kausak

  1. BILAKAERA (1939-1945)
2.1. Ezaugarriak
2.2. Gerraren faseak
         2.2.1. Alemaniaren nagusigoa (1939-1941)
         2.2.2. Gerra fronte berriak eta oreka (1941-1943)
         2.2.3. Ardatzaren porrota (1943-1945)

  1. ONDORIOAK
3.1. Bertako ondorioak
3.2 Ondorio politikoak
a.      Bi bloke aurrez-aurre
b.     NBE-aren sorrera
c.      Deskolonizazioa




 1. KAUSAK EDO ARRAZOIAK:

Bigarren Mundu Gerraren arrazoiak Gerra Arteko garaiko arazoetan bilatu behar ditugu askotan errepikatu dugun bezala. Aurreko hiru gaietan (Errusiako Iraultza eta Sobietar Batasunaren jaiotza, Gerra osteko arazo ekonomikoak eta Depresio Handia eta azkenik, Faxismoen gorakada Europan), jorratu ditugu arazo guzti hauek, Europa lehenik eta ondoren mundu osoa, historiako gatazka armatu garrantzitsuenera eramango dituztenak.

a.    Urrutitako kausak:

Aurreko gaietan landu ditugunez, ez ditugu berriro aztertuko, baina laburbilduz, honoko arazoak gogoratuko beharko genituzke:

  *Versaillesko Itunaren porrota bakea antolatzeko.
  *Nazioarteko Elkartearen ezintasuna nazioen arteko gatazkak bideratzeko momentuan.
  *Frantziaren eta Alemaniaren arteko etsaitasunaren areagotzea Versaillesen ondoren (Alemaniari iraina).
  *Sobietar Batasunaren agerpenak sortu zuen ezegonkortasuna mendebaldeko potentziak estatu berria isolatu baitzuten (“osasunaren lerroa”) komunismoaren hedapenaren beldur baitziren.
  *Europako egoera ekonomiko zaila, Alemaniarena bereziki, Gerra Handiaren ondoren, eta batez ere 1929. urtean hasi zen Depresio Handiaren ondorioz.
  *Egoera sozio-ekonomiko honek sistema parlamentarioa eta kapitalismoaren krisia agerian jarri zuen, faxismoei bidea irekiz, Alemanian eta Italian bereziki.
  *Faxismoen hedapen nahiak eta inperialismoak ekarri zuen ezegonkortasuna eta statu quo-aren haustura Europan. Hedapen horretan Alemaniak eta Italiak bat egin zuten ikusi dugun bezala, Altzairuzko Ituna sinatu zutenean. Aliantza honi Japonia batu zitzaion (Asian bere hedapen inperialean hasi zen Japonia,  Mantxuria eta Txina osoa inbadituz, Britainia Handia eta AEB-en interesak eta nagusigoa arriskuan jarriz).


b.    Bertako kausa: Poloniaren inbasioa

Ikusi dugun bezala, Alemaniaren hedapena oztoporik gabe eraman zuen aurrera Hitlerrek Britainia Handia eta Frantziaren ia oposiziorik gabe (gogoratu Austriaren anexio edo Anschluss-a, Sudeteak eta Txekoslovakia osoaren konkista azkenik). Amaitzeko, Hitler eta Stalinen arteko itunak (Molotov-Ribentropp izenekoa, 1939koa, elkarri eraso ez egiteko eta Europako ekialdea bien artean banatzeko) bidea ireki zion Alemaniari Polonia inbaditzeko. 1939ko irailaren 1ean tropa naziek Polonia inbaditzen zuten. Hitlerrek marra gorri guztiak hautsi zituen eta Britainia Handiak eta Frantziak Poloniarekin zuten defentsarako ituna praktikan jarriz gerra deklaratu zioten Alemaniari. Bigarren Mundu Gerraren hasiera zen.
  


2. BILAKAERA: (1939-1945)

2.1. Ezaugarriak:
 
2.1.a. Mundu gerra:
Gerra hau kontsidera dezakegu munduko benetako lehenengo gerra. Gerra fronteak ez ziren Europara mugatu. Alta, operazio militarrak Afrika, Asia eta Ozeano Barera ere hedatu egin ziren. Potentzia protagonista nagusiak ere ez ziren europarrak izan soilik. Hor ditugu AEB, Japonia edo Sobietar Batasuna ere.



2.1.b. Zientifikoki planifikatutako gerra:
  Zientzia, teknika eta ekonomia gerraren zerbitzura jarri ziren.  Hau bereiziki egia izan zen Alemania edo Japoniaren kasuetan. Arma berriak garatu ziren:
*Alemanek tankeak garatu zuten borrokarako tresna autonomo gisa lehenengo aldiz, eta honek eman zien nagusitasuna gerraren lehenengo fasean.
*Radarrak ere agertu ziren, non britainiarrak aitzindari izan baitziren.
*Bonba hegalari alemanak (V-1 eta V-2)

*AEB-ek garatutako hegazkin flota izugarriak eta bereziki beraiek asmatutako bonba atomikoa.


2.2. Gerraren faseak:
        
2.2.1. Alemaniaren nagusitasuna (1939-1941):
        
Gerraren lehenengo aldi honetan Alemaniaren gerra industriaren sendotasunak nagusigoa eta iniziatiba eman zion Hitlerri. Poloniak berehala amore eman zuen alemanen eta errusiarren eskuetan eroriz.

         1940. urtean Norvegia, Danimarka, Herbehereak, Belgika eta Maginot defentsa lerroa gainditu ondoren, Frantzia bera inbaditu zuten naziek. Ekainaren 14an Hitler Parisen sartu zen eta 22an frantsesek armistizioa eskatu zuten. Frantziako iparralde osoa eta Atlantikoko kostaldea Alemaniaren eskuetan geratu ziren. Hego-erdialdean gobernu “txorimalo” bat sortu zuen III. Reich-ak, hiriburua Vichy-n ezartzen zelarik, Petain mariskalak zuzenduta.


         Britainia Handia izango da beraz nazien erasoari aurre egingo dion potentzia bakarra. Hitler saiatu egin zen britainiarrekin bake batera iristen (britainiarren itsas eta kolonietako hegemonia errespetatuko zuen), baina Winston Churchill lehen ministro britainiarraren gobernuak eustea eta gerrarekin jarraitzea erabaki zuen. Hitlerrek Ingalaterra etengabe bonbardatuz erantzun zuen (Ingalaterrako Guda), baina britainiarrek ez zuten amore eman.

         Alemaniaren hurrengo helburua Europako erdialdea eta Balkanak izan ziren. Hitlerrek itunak sinatu zituen Hungaria, Errumania, Eslovakia, Bulgaria eta Jugoslaviarekin. 1941. urteko apirilean naziek Jugoslavia inbaditu zuten eta italiarrekin batera, Grezia ere bai.

         ERREPRESIOA:
         Hau izango da naziek Europan ezarriko duten ordenaren ezaugarri nagusia. Errepresio arlo ezberdinetan emango da:
*Eskulan merkea lortzeko, Europa osoko milaka eta milaka langile eraman zituzten Alemaniako lantegietan lan egitera.
*Kontzentrazio eta sarraski esparruetan milioika judutar, komunista, sozialista, ijitu edo homosexual hil zituzten. 1942. urtetik aurrera, gainera, azken erabakiaren ondorioz, politika hau azken muturreraino eraman zen eta judutarrak erabat desagertarazteko erabakia hartu zen. AUSCHWITZ, TREBLINKA edo MATHAUSEN esparruak dira nazien ankerkeria eta krudeltasunaren lekuko.


*Nazien errepresioaren jo muga ere Europan zehar sortuko diren erresistentzia eta gerrila mugimenduak izango dira. Bereziki aktiboak Frantziako erresistentzia edo Jugoslaviako Titoren partisanoak.



2.2.2. Gerra fronte berriak eta oreka: (1941-1943)

A. Gerra Sobietar Batasunean:

         Errusia Hitlerren bizitzeko espazioaren barruan egon zen beti. Bi diktadoreek sinatutako itunak momentuko taktika bati erantzuten zion bakarrik. Hitlerrek mendebaldeko frontera bideratu nahi zituen bere indar guztiak eta Stalinek denbora behar zuen Sobietar batasuna balizko gerra baterako prestatu ahal izateko.

         1941. urtean, Europa osoa bere eskuetan zegoelarik, Hitlerrek Errusia erasotzeko momentua zela erabaki zuen. Bizargorri operazioan 3 milioi soldadu hartu zuten parte ekainaren 22tik aurrera.

         Hitlerrek Napoleonek egindako akats berdina egin zuen. Lehenengo hilabeteetan armada naziak erraz egin zuen aurrera, baina sobietarrek Leningradon geldiarazi zituzten, Moskun ez ziren sartu eta 1942ko negu gorriak alemaniarrak harrapatu eta geldiarazi zituen, sobietarrei berrantolatzeko aukera ematen zien bitartean.


B. Gerra Afrikan:

1942. urtean garrantzia hartuko du fronte honek, aliatuek Italia inbaditzeko bidea aurkituko baitute bertan. Italiarren porrotaren ondoren, alemanak saiatu ziren Afrika iparraldea (Egipto) eskuratzen Rommel (Basamortuko arratoia) mariskalaren gidaritzapean. Baina azkenik aliatuak (Britainiar, estatu batuar eta De Gaulle jeneralaren Frantzia Libre izeneko armada) Tunisia, Algeria eta Marokoz jabetu eta Afrika iparralde osoa kontrolatuko zuten. Italia 1943an inbaditzeko plataforma prest zegoen beraz.

C. Gerra Ozeano Barean:

Fronte honetan hazten ari diren bi inperialismo ditugu aurrez-aurre: AEB eta Japonia.

Japoniarrek Estatu Batuen Pearl Harbour itsas-basea (Hawai uharteak) bonbardeatu zutenean (1941eko abenduaren 7an) AEB-ek gerra deklaratu zioten Japoniari eta Ardatzeko gainontzeko potentziei, ipar-amerikarren eragin eremua Pazifikoan arriskuan baitzegoen.


Gerra-agertoki honetan bi epealdi bereiz ditzakegu:
         *1942. urteko erdira arte japoniarrak nagusi dira. Britainiar eta estatubatuarren lurraldeak konkistatuko dituzte: Hong Kong, Singapur, Malaysia, Birmania, Indonesia (Herbehereen koloniak), Guam eta Filipinak.

         *1942. urteko erditik aurrera, Midway (ekainean) eta Guadalcanal (1943ko otsailean) izeneko guden ondoren, estatubatuarrak nagusitzen hasiko dira.


2.2.3. ARDATZAREN porrota (1943-1945):

A.    Alemaniaren porrota Europan:

*Errusiako frontean: Stalingradoko guduaren ondoren, 1943an, sobietarrak berrindartu eta alemanen atzerakada emango da ekialdeko fronte horretan.

*Hegoaldeko frontea: Afrikatik abiatuta, aliatuek Sizilia hartu zuten 1943ko udan. Erregeak Mussolini gobernutik bota eta Italiak armistizioa eskatu zuen irailean, baina alemanek Italia hartu zuten, Mussolini boterean berrezarri eta frontea Napoli inguruan gelditu zen.
*Mendebaldeko frontea: hirugarren fronte hau 1944ko ekainaren 6an ireki zen aliatuak Normandian lehorreratu zirenean. Urte bukaerarako Frantzia askatzea lortu zuten aliatuek.


  Alemaniak atzera egiten zuen fronte guztietan. Otsailean sobietarrak Alemaniar lurretan sartu ziren eta apirilaren amaierarako aliatuak Berlindik gertu elkartu ziren. Apirilaren 30an Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen bere bunkerrean (Mussolini bi egun lehenago urkatua izan zen Milango plazan) eta maiatzaren 7an eta 8an Alemania baldintzarik gabe errenditu zen.
B.     Japoniaren porrota Asia eta Ozeanian:

Guadalcanal-eko garaipenaren ondoren, estatubatuarren aurrerapena progresiboa baina etengabea izan zen. Uhartez-uharte (Filipinak, adibidez, 1944ko urria eta 1945eko udaberria bitartean bereganatu zituzten amerikarrek) tropa japoniarrak artxipelagora hurbildu zituzten. Azkenik, Hiroshiman (abuztuaren 6an) eta Nagasakin (9an), estatubatuarrek lehenengo bonba atomikoak jaurti zituzten eta japoniarrek errenditu behar izan zuten: 1945eko irailaren 2an.



3. ONDORIOAK:

3.1. Bertakoak:
 
  a. Demografikoak:
  55 milioi pertsona baino gehiago hil edo desagertu ziren, horien erdia zibilak.
  Milioika eta milioika pertsona ere lekuz aldatu behar izan zuten. Europako ekialdean inoiz gertatutako biztanle mugimendurik handiena eman zen: milioika alemaniar, errusiar, ukraniar, poloniar,… beraien bizilekua utzi behar izan zuten.

  b. Ekonomikoak:
  Europako ekonomia erabat suntsitua geratu zen: hiriak eta azpiegiturak hondatuak, ekonomia desartikulatua eta prozesu inflazionistak nagusi.

AEB, Australia edo Kanada aldiz, urte hauetan beraien errenta nazionala bikoiztu egin zuten.


3.2. Ondorio politikoak:

Gerra osteko mundu berria diseinatzeko aliatu nagusiek hainbat konferentzia ospatu zituzten: TEHERAN (1943), JALTA (1945eko otsailean) eta POSTDAM (1945eko uztailean). Roosevelt, Stalin eta Churchill bildu ziren bertan, nahiz eta erabaki garrantzitsuenak AEB-ek eta Sobietar Batasunak hartu zituzten. Bilera hauen ondorio aipagarrienak:


a.    Bi bloke aurrez-aurre:
Alemania, Europa eta mundu osoa bi bloke antagonikotan bereizi ziren:

*Alemania bitan banatu zen 1949an: Alemaniako Errepublika Federala, AEB-ek, Erresuma Batuak eta Frantziak sortua, eredu kapitalista eta demokrazia parlamentarioan oinarritua. Sobietarrek, aldiz, Alemaniako Errepublika demokratikoa sortu zuten, eredu sozialistari jarraituz. Bereizketa horren sinbolo Berlin izan zen, bi zatitan banaturik geratu zena: mendebaldekoa eta ekialdekoa. 1961ean bi eremuak zatituko zituen harresia eraiki zuten sobietarrek, 1989. urtera arte zutik iraun zuena.


*Mendebaldeko Europan sistema parlamentarioak ezarri ziren eta eredu kapitalista mantendu egin zen. Komunismoaren hedapena geldiarazteko, Estatu Batuek estrategia bikoitza eraiki zuten:
-laguntza ekonomiko handia bideratu zuten Europako mendebaldearen ekonomia suspertzeko. Horretarako, 1947an MARSHALL PLANA sortu egin zen.
-Politikoki eta militarki, mendebaldeko blokeak, Estatu Batuek zuzendurik, NATO sortu zuen, Sobietar Batasunari aurre egiteko, 1949an.

*Ekialdeko blokea, Sobietar Batasunak kontrolaturik, eredu sozialistan oinarriturik, non erregimen komunistak ezarriko diren: Polonia, Txekoslovakia, Hungaria, Errumania, Bulgaria eta Jugoslavia. Marshall plana eta NATOren sorrerari erantzuteko, COMECON (merkatu sozialista bakarra eratzeko akordioa) eta VARSOVIAKO ITUNA (1955) sortu zuten sobietarrek.

GERRA HOTZAREN hasiera zen.


b. Nazio Batuen sorrera:

Nazioarteko gatazkak gainditu nahirik eta beste mundu gerra bat ez errepikatzeko, NBE sortu zuten garaileek. 1945eko udan Nazio Batuen gutuna izenpetu zen San Frantzisko. Estatu independente guztiek parte hartzeko eskubidea bazuten ere, gerrako garaileek botere handiago izango dute, Segurtasun Kontseiluan kide egonkor izango baitira eta beto eskubidea izango baitute (AEB. SESB, Erresuma Batua, Frantzia eta azkenik Txina).


c. Deskolonizazioa:

Europako metropoli kolonialen ahultasunak, nazioarteko bultzada (Nazio Batuen Gutunean autodeterminaziorako eskubidea) eta askapenerako mugimenduen iharduera gero eta sendoagoak esplikatzen dute Afrikan, Asian eta Ozeanian bereziki koloniak independizatzea eta estatu berriak sortzea.

        

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.